«Zuen turismoa, gure miseria» salatu du Ernaik Donostiako hotel baten barnean

2017ko maiatzaren 02a Lander Arbelaitz

Donostiako Gros auzoan dagoen Arrizul hotela okupatu dute Ernaiko kideek maiatzaren 1ean, «hotelak eta turismo basatia gure hiria eta gure bizitzak okupatzen eta suntsitzen ari direla salatzeko». Ekintza azkarra izan da, bost minutu ingurukoa.

30 bat ekintzaile sartu dira arratsaldeko 19:00ak inguruan hoteleko harreran. Kanpoaldean pintaketak egin dituzte hainbat kidek, besteek barnean agiri bat irakurri duten bitartean.

Bertan, nagusiki prekarietateaz mintzatu dira. Langabezia jaitsi eta ekonomia hoberantz doala zabaltzen den honetan, salatu zutenez, gazteek ez dute hobekuntzarik nabaritu beren bizitzetan.

«Donostian, urtez urte turisten inbasio geroz eta handiagoa sufritzen ari gara. Geure kaleak kameradun kolonoz betetzen ari dira; handik eta hemendik paseatzen, terraza erraldoietan geroz eta garestiagoa den kafea hartzen, pintxo barra amaigabeetan sabelak betetzen… eta gu bitartean, barraren atzean gaude. 12 orduz lanean jarraian, beltzean kobratzen, jai egunik gabe, kontraturik gabe… edozein baldintzatan! Enpresari eta nagusiek geure kontura poltsikoak betetzen ditzuten bitartean, gu geroz eta esplotatuago gaude. Horra hor susperraldi ekonomikoa!», diote.

Hiria hotel eta apartamentu turistikoz betetzen ari dela jarri nahi izan dute mahai gainean, baita Udal gobernuak 20 hotel berri egiteko baimena eman duela ere. «Bitartean herritarrok gure auzoetatik kanporatuak izaten ari gara, gazteok ezin emantzipatu gabiltza, gure bizi-proiektuak aurrera ateratzeko aukerarik gabe». Eneko Goia eta Ernesto Gascori ea zeinen interesen alde jokatzen ari diren galdetu diete, ea zer eskaini dien trukean patronalak. «Gazteok prekarioetan prekarioenak gara, esplotatutako gorputz hutsak».

«Zuen turismoa, gure miseria da! Gutxi batzuen interesen alde, Donostia turistentzako makro-konpleju bihurtzen ari zarete. Gure lan-indarraren kontura gutxi batzuen poltsikoak betetzen».

Horren aurrean, gazteak aurrean izango dituztela aldarrikatu dute. «Prekarietatea borrokatzen, esplotatzen gaituen turismoaren aurka egiten». Hiria herritarrentzat dela eta bertan duintasunez bizi eta lan egin nahi dutela adierazi dute. «Gazteok dena dugu borrokatzeko Donostian, ezer ez ospatzeko eta guztia irabazteko».

argia

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.