Turismo masiboaren sprinta
2017 apirilak 26 Axier Lopez
Turismoaren igoera orokorra izan da Aste Santuko oporraldian. Donostia, Bermeoko Gaztelugatxe, Zumaia edota Elizondo turistaz leporaino betetako irudiek kezka eragin dute herritar askorengan. Hizketagai bilakatu dira turismo masiboaren ondorioak. Horietako bat da gentrifikazioa: turisten etorrerak eragindako bizitzaren garestitze orokorraren ondorioz –bereziki etxebizitzen salneurrian– herritarrak periferiako auzo eta herrietara alde egin behar izatea. Horren eragin mingarriak aspalditik ezagutzen dituzte bizitokia behartuta utzi behar izan duten Lapurdiko kostaldeko, Marseillako, Bartzelonako edota Veneziako milaka lagunek. Prozesu antzekoa Bilbon eta Donostian gertatzen hasia dela salatzen duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Irudian Madrilgo Lavapiés auzoan pasa den hilean gentrifikazioaren aurka egindako protesta umoretsua.