Turismo eredua aztergai izanen du irailean Euskal Elkargoak

Maite Ubiria 2017/08/20

«Uberizazioaren» seinale agian, turismoari buruzko eztabaida, salbuespenak salbuespen, parametro penintsularretan eman da Euskal Herrian ikuspegi nazionala alde batera utzita. Alta, turismo gainkargak izaten dituen ondorioak neurtzeko, are gehiago bestelako eredu bat asmatzeko, bertako errealitatea oinarri hartzeak guztiz gomendagarri dirudi.

Turismoa lan sektore nagusitzat hobetsi izanak Ipar Euskal Herriko bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturala baldintzatu du zeharo. Mathieu Berge Baionako zinegotzi eta mugaz gaindiko harremanetarako eskualde kontseilariak argi du xedea ez dela «masa turismoa garatzea, baizik eta garapen ekonomiko orekatu bat lortzea».

Asmoak asmo, Ipar Euskal Herriak 2,5 milioi turista hartu zituen iaz, %80 Lapurdiko kostan. Etxebizitza luxuzko gai bilakatu da eta metro karratua 4.200 euroan sal daiteke Donibane Lohizunen. Aspalditik zabalik den debateari erantzuna ematea urgentzia bilakatu da, eta, hala, Euskal Elkargoak egitasmo zehatz bat aztertuko du irailean, besteak beste apartamentu turistikoak zergen bidez arautzeko.

logo-gara

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.