Oreka
Aitor Etxarte 2016-11-07
Historia bazterrean uzten denean, istorioak agertzen dira. Historia ez da ezinbestean diskurtso dogmatiko eta menperatzailea. Historiak ere agerian jartzen digu Iruñeko katedralaren kokapen fisikoaren zergatia, bere ondasun artistikoen jatorria eta izaera. Historiak azaltzen digu Nafarroan zehar eta Iruñeko alde zaharrean diren hamaika jauregi barrokoen lotura kolonialismoarekin.
Historiak ere erakusten du Iruña azken hamarkadetan noraezean dabilela, Alde zaharra aspaldi salgai jarri zela aisialdiaren parkea bihurtzeko, edo zerbitzu guztiak beste auzoetara lehenago iritsi direla beti edo hiritar gero eta gutxiago bizi garela. Hiria bere kanpoko gerrian hustu egin da. Han sortu dute etxegintza erakargarria, lana eta merkataritza.
Iruñeko udalak ostegunean onartu zuen PEPRIren aldaketarekin historiara pasatu da. Gurean ere, handiak beti izan dira handi eta beraiek definitu dute zer den komeni zaien oreka. Bitartean, arduradun politiko batzuen istorioak entzutea lotsagarria da: “bizilagunen egoera ulertzen dut”, “ni bertan jaio nintzen”, “denok nahi dugu kalean parranda eta giroa”, “oreka (¿) bilatu behar dugu”.
Nik, lekuko historikoen moda jarraituz, plaka dotorea jarriko nuke Udaletxeko paretan: “Orekaren alde egin zuen Udalbatzak.”