Iruñeko Alde Zaharreko bizikidetza izanen dute eztabaidagai NUPen

Azaroaren 18tik 30era bitartean, auzoak gaueko aisiaren inpaktuaren aurrean dituen erronkak aztertuko dituzte bi mahai-inguruk eta instalazio artistiko batek

“Iruñeko Alde Zaharrean (elkarrekin) bizi” jardunaldia eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ekimenaren xedea da Nafarroako hiriburuko hirigune historikoaren erronkak aztertzea, auzoak dituen arazoak ikusaraztea eta elkarrizketarako gune bat irekitzea, auzoan bizi direnei gaueko aisia kontsumitzen dutenen aldean lehentasuna emanen dien irtenbideak aurkitzeko. Ekitaldia azaroaren 18tik 30era eginen da. Instalazio artistiko bat du, “Planta 0”, Carmen Parrado Gil diseinatzailearena, eta “Alde Zaharrean bizi” elkarteak erakunde akademikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailarekin lankidetzan antolatutako bi mahai-inguru.

“Planta 0” instalazio artistikoak Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako Gazteen Artearen Nafarroako Topaketen 40. edizioko Diseinu Saria eskuratu du aurten. Alde Zaharreko bizikidetzari buruzko hausnarketa kritiko bat proposatzen du, eta auzotarren eta leku horretara gaueko aisiaz gozatzera joaten direnen arteko interakzioan zentratzen da. Richard Sennet soziologoak eta Pablo Sendra arkitektoak proposatutako hiri irekiaren kontzeptuan oinarritzen da pieza. Kontzeptu horrek espazio publikoa malgu eta dinamikotzat hartzen du, biztanleen beharretara egokituta.

Instalazioa NUPeko Ikasgelategiko 3. solairuan dago, eta jendearentzat zabalik egonen da azaroaren 18tik 30era, 08:00etatik 21:00etara. Sarrera librea izanen da. Bost piezaren bidez, gaueko aisiak auzoaren eguneroko bizitzan dituen ondorioak erakusten ditu lanak. Horien artean, aipatzekoa da “Tesiento”, Nabarreria kalean jasotako 464 latarekin egindako besaulki bat, zeinak zaborraren inpaktuari buruz gogoeta egitera bultzatzen baitu. Beste pieza batzuek bizikidetzaren zailtasunak azpimarratzen dituzte, hala nola “Aromeada”, kale horretan gau bakar batean isurtzen diren 17 litro gernu irudikatzen dituen girotzaile erraldoia, eta “Julia”, zaratek haurren loa nola eteten duten aztergai duen bideo bat.

Aisia, negozioa eta bizikidetza Alde Zaharrean

Bi mahai-inguru ere eginen dira jardunaldian. Lehenengo mahai-ingurua, “Aisia, negozioa eta bizikidetza”, azaroaren 19an, asteartea, 12;00etatik aitzina eginen da Ikasgelategiko beheko solairuko 010. Ikasgelan, eta aztergai izanen du alkoholaren kontsumoarekin lotutako aisiak auzoan bizi direnen bizi kalitatean duen eragina. Bigarren mahai-ingurua, “Alde Zaharra salgai”, azaroaren 25ean, astelehena, 17:00etatik aitzina eginen da Ikasgelategiko 010. Ikasgelan, eta aztergai izanen ditu auzoaren merkantilizazioa eta hango biztanleen kanporaketa. 

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.