Iruñeko Alde Zaharraren araubidea
Alde Zaharrean Bizi 2019ko urtarrilak 10
Hiriaren gaineko eskubidea, David Harveyk dioenez, ez da «jadanik baden horretarako sarbidea edukitzea, baizik eta gure nahia kontuan harturik, aldatzeko eskubidea edukitzea». Horregatik geure buruari honakoa galdetzen diogu: nola erabil dezakegu hobeki hiriarekiko dugun eskubidea? Eta hiritar parte-hartzaile garen heinean, gure auzoan zer gertatzen ari den zalantzan jarri nahi dugu: nola ari garen auzoa zaintzen, nolako auzo eredua ari diren aurrera eramaten edo baimentzen, bizilagun garen neurrian horretatik libre ote gauden, gure eskaerak ulertzen ote dituzten, aintzat hartzen ote gaituzten edo entzungor egiten ari ote diren.
Aitzinsolas hau gure kexa eta proposamena egiteko izan bedi, urtarrilaren 10eko udalbatzan ekinen baitzaio Iruñeko turistendako bizileku-erabileraren gaineko araudiari. Hasteko, gure elkartearen aldetik, Geroa Baik duen asmoaren kontra egiten dugu, aldaketa egin nahi baitu hasieran onartutakoaren gainean eta horrek ondorio latzak eta larriak ekarriko bailizkiguke. Alegia, hasieran hotelendako finkaturiko gutxieneko distantzia ezabatu nahi du. Hasierako distantzia horri esker, ez litzateke Unzuren eraikinean 277 plazako hostela egiten ahalko. Proposamen berri horrek, UPNren proposamen ultra-liberalekin bat egiteaz gain, hotelek etxadien %25 harrapatzen ahal dutela ere esan nahi du, gaur egun duten erabileraz landa. Neurri hori onartuz gero, gure auzoko 80 eraikin bere osotasunean behin-behineko bizileku izan litezke. Eta are gehiago, Geroa Bairen proposamenak ostalaritza-toki berriak ekarriko lituzke, behin-behineko bizileku diren eraikinek beren beheko pisuan ostalaritzako negozioak eduki baititzakete, esate baterako, jada lepo dauden San Nikolas eta Estafeta karriketan.
Delako proposamen hori onartuko balitz, honako ondorioak ekarriko lituzke: bertako biztanleriak behera eginen luke edo joan, etxebizitza garestituko litzateke, hirugarren mailako karrikak tabernaz eta hotelez josiko lirateke, eta turistendako legezko zein legez kanpoko pisuak hedatuko lirateke; hori aski ez dela, bertako betiko dendak desagertu eginen lirateke eta langileei estutasuna ekarriko liekeen beste denda mota bat abiaraziko litzateke. Horri Sharon Zukinek « bakealdia capuchinoaren truke» deitu dio, hots, klase erdi-altuarendako kontsumo dendek betiko dendak ordezkatzen dituzten aroa. Hortaz, onartuko balitz Gero Bairen proposamena, Alde Zaharraren bihotzean Tres Reyesen itxurako mamutzar batek hartuko luke ostatu. Irudika dezagun egoera: eskainiko lituzkeen plaza kopurua kontuan harturik, Iruña Park eraiki zenetik, Iruñean egin den hotel- eragiketarik handiena litzateke. Alde Zaharreko «Aroztegia». Ez dagoen eskari kopurua asetzeko proiektutzarra, hori bai, ustezko eskari hori sorraraziko lukete. Urteko 100.000 lagunek eman lezakete gaua Alde Zaharrean. Hori dena arazo ez bada Alde Zaharrarendako, zer da, bada, arazo?
Gonbidatu gintuzten parte-hartze prozesuan, auzoko taldeek araudiaren aldaketa eskatu genuen gure auzoan hotel eta turistendako apartamentuendako lizentzia gehiagorik eman ez dezaten; hau da, Alde Zaharra turistendako bizitoki aldetik eremu gainezkatutzat eta betetzat har dadin. Uler dezakegu, egiazko demokrazia estuturik, parte-hartze prozesuak lotesleak ez izatea. Baina, zinez, udaleko talde politikoek auzoarekiko kezka, ardura eta gure eskaerendako atxikimendu handiagoa izanen zutela uste genuen; izan ere, gurean jardute-merkantilista oso erasotzailea ari baita gertatzen. Horrexegatik iruditzen zaigu horren larria zenbait talde politikok gure ekarpenen aurrean entzungor egitea, eta, bereziki, prozesu hartan interesdunak ziren ostalaritza eta turismoko taldeek babestu ez zituzten proposamenak aurrera ateratzeko eginahala egitea. Hori dela eta, erabakigarria den une honetan, talde politikoei erantzukizunez joka dezaten eskatzen diegu eta Alde Zaharraren bizileku-izaerari bermea eman diezaioten.
Zalantzarik gabe, guztiendako diren hiri-eremuak sortzeko beharrezkoa da aditzea eta parte-hartze demokratikoa, ez baita makala horren oldarkorra den neoliberalismoak bultzatu duen pribatizazio-oldea. Beste behin ere David Harveyk dioen bezala, «nahiz eta beti gatazkatsua izan, hiri inklusiboagoa eta barneratzaileagoa irudikatzea beharrezkoa da, eta berorretan eskubide maila desberdinak izanen dira, baita jardun politikoan eta ekonomikoan ere. Hiria lehendabiziko pentsatu eta gero gauzatu bada, beste behin ere berriz pentsatu eta berriz gauzatzen ahal da. Merezi du hiriaren eskubide ezin besterenduzkoaren alde borrokatzea. Hiriko aireak libre bihurtzen gaitu, esan ohi zen. Bada, gaur airea kutsatu samarra dago, baina garbitu daiteke».