Eta masak Iruñea suntsitu zuen I
Hedoi Etxarte 2017-06-03
Hiriak galtzen ari gara. Gure bizitokiak. Duela urte batzuetatik oso dago antolatua turistifikazioaren eta masa ekitaldiek hirian eragiten dituzten kalteen kontrako mugimendua Herrialde Katalanetan. Aztertu dute AirBnB multinazionalaren penetrazioa. Alokairuaren igoera. Zarataren kaltea. Amazon-en inbasioa. Kruzeroen abordaia eta bidaiarien gorotzek eta gernuek eragiten duten kutsadura itsasoan eta hirian. Garraioaren kolapsoa. Hegazkinen zarata eta minbizia.
Hegoaldean —Iparraldean, zorionez, beste tradizio bat izan dute— turistifikaziorik ez balego bezala jokatzen jarraitzen dugu. Albisteak izaten dira, irudi negargarri batzuk, baina ez gara ulertzen ari gertatzen dena. «Euskal salbuespena» aplikatzen dugu kasu honetan ere. Pentsatuz ezetz, «hemen hori ez da gertatuko». Baina bai. Donostian Hondarribian Zumaian Gaztelugatxen Bilbon gertatzen da, eta ezustean, eta basati Iruñean. Duela urte batzuk sortu zenean, Iruñeko Alde Zaharrean Bizi plataforma gaiztoki interpretatu zuten batzuek. Esan zuten «parranda egiten ez dakiten pipertutako batzuk» zirela atzean zeudenak. Jai giroan emakumeen espazioa inbaditu eta ezetza jasotzean «zuk ez dakizu dibertitzen» esaten dutenen posizioa hartu zuten. Nola da posible zeure auzoan bizitzeko eskubidea aisiaren aukerarekin elkarrizketan jartzea? Batzuen irria besteen biziaren gainetik kapitalismo errealean.
Urrundik dator afera; XX. mendeko eztabaida klasikoak berreskuratzean, Susan Buck-Morssek (1977) masa kultura sutsuki kritikatu zuen. Horkheimer-ek bezala masa kulturari «aisialdiaren industria» deitu zion, zeren «masa»ren kontzeptuak inpresio faltsu bat ematen zuen. Masa kultura proiektu burgesaren garapen bat. Masak klase kapitalistaren marko psikologikoan funtzionatzen du —aisia eskubide gisa ikusten du, tokiko jendea salgai gisa tratatzen du, Trip Advisor ala Instagramen jatetxe baten gaineko iritzia idaztea demokrazia dela—.