«Bisitatzeko hiri bihurtu da Bilbo, eta ez bizitzeko»

Ibai Maruri Bilbao 2018ko apirilak 26
ALAITZ ARGANDOÑA. BILBOKO AUZO ELKARTEEN FEDERAZIOA
Argandoñak salatu du udalak ez duela auzo elkarteen eta eragileen iritzia kontuan hartzen Bilbon zer eta nola egin erabakitzeko orduan. Etzi manifestazioa egingo dute, «bestelako Bilbo bat» aldarrikatzeko.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak manifestaziora deitu du larunbaterako. 12:00etan abiatuko dira, Plaza Eliptikotik, Bestelako Bilbo posible da. Kalea ez da isilduko lelopean. Ehundik gora eragile eta elkartek agertu dute atxikimendua. «Benetako Bilbo eta hedabideetan agertzen dena ez datozela bat erakutsi nahi dugu», ohartarazi du federazioko idazkari Alaitz Argandoñak (Bilbo, 1980). Hiri ereduak bilbotarrei eragiten dizkien arazoak salatuko dituzte, besteak beste.

Bestelako Bilbo bat nahi duzuela diozue. Zer gertatzen zaio gaur egungoari?

Duela hamar urte auzo elkarte guztiak elkartu ginen, eta manifestazio bat egin genuen parte hartzea eskatzeko. Gauzak aldatu dira, auzo batzuetan hobekuntzak egon dira, baina ez guztietan. Eta parte hartzea murrizten ari da. Barrutien arautegiak aldatu egin dira. Guk 1.600 ekarpen egin genituen, barrutiei eskumen gehiago emateko eta auzo elkarteen parte hartzea indartzeko eskatuz. Hamazortzi pertsonak osatzen dituzte barrutietako osoko bilkurak, eta gu ordezkari bakarra gara. Eta ez dugu bozkatzeko eskubiderik. Baina ez zituzten gure ekarpenak onartu. Horrez gainera, ikusten dugu gaur egun Bilbo kanpora begira eraikitzen dela, enpresa handientzat eta turistentzat. Baina, era berean, gutxieneko zerbitzuak bermatu gabe dituzten auzoak daude. Adibidez, nire auzoa: Arangoiti. Guk beste Bilbo bat nahi dugu, bilbotarrontzat izango dena.

Zelakoa izan behar du bestelako Bilbo horrek?

Auzo elkarteen federazioa gara, eta auzo elkarte bakoitzak bere beharrak ditu. Federazioaren azken aldizkarian argitaratu ditugu elkarteon eta manifestazioarekin bat egin duten eragileen aldarrikapenak. Auzo elkarte bakoitzak bizpahiru eskaera zehatz ditu. Gehienak zerbitzu eta azpiegitura faltak dira. Ez dira bakarrik igogailuak edo osasun zentroak. Kasu batzuetan, autobus zerbitzuan maiztasun aldaketak egitea da premiarik handiena.

Eskaerak azaltzean, zer erantzuten du udalak?

Instituzioek beste lehentasun batzuk dituzte. Gu barrutietako bilkuretara joaten garenean, beste lehentasun batzuekin egoten dira. Agian, aparkaleku bat egitea onartzen dute, baina guk igogailua eskatu dugu. Ez dute ulertzen zein diren gure eskariak, eta ez dituzte gure proposamenak entzun nahi. Batzuetan guri ere gertatzen zaigu hori, federaziokooi. Idazkaria naizenez, auzo elkartez auzo elkarte ibiltzen naiz, eta batzuetan bileretara zer eskatuko duten argi dudala joaten naiz. Baina gero, iritsi, eta beste zerbait eskatzen dute. Eta normala da! Auzokideek dakite benetan auzo bakoitzak zer behar duen. Eta politikariei hori gertatzen zaie: ez dituzte auzoak ezagutzen. Guk erraz ipintzen diegu, barrutietara eskaera zehatzekin joaten garelako. Baina ez dute entzun nahi.

Alderdi politikoen egitekoetako bat bada herritarren eskaerak erakundeetara eroatea. Ez dute hori egiten?

Normalean teknikariekin egiten dugu berba. Baina gero politikariek ez dute euren hitza betetzen. Guk eskatu ditugun proiektu batzuk onartu dira, baina gero ez dira egin. Eta oposizioarengana jotzen dugunean ere, igualtsu. Gure alde daudela esaten digute, baina ez dakite zer behar ditugun. Ez badakizue zer gura dugun, zelan egingo duzue gure alde? Hauteskundeetan denak gogoratzen dira gurekin, baina ez gaituzte entzuten. Oro har, alderdi guztiek dute gu entzuteko zailtasuna.

Bilboko Udalak gero eta gehiagotan esaten du herritarren parte hartzearekin erabaki direla proiektu berriak.

Baina ez da egia. Haiek diseinatzen dituzte, eta herritarrei ekarpen batzuk egiteko aukera ematen diete. Baina ez dira auzokideek eskatu dituzten proiektuak, haiek pentsatutakoak baizik. Denok elkarrekin sortu behar ditugu proiektu berriak, eta jarraipen bat izan behar dute. Ez du balio egingo dela esan eta gero ahazteak. Egunotan entzuten ari gara trenbideak lurperatuko direla han eta hemen, metroaren laugarren linea eraikiko dela. Baina ez da hori esaten duten lehen aldia, eta ez da bete. Orain zergatik bai?

Esan duzu beste lehentasun batzuk dituela Bilboko Udalak. Zeintzuk direla uste duzu?

Ez dakit, baina ez dira gureak. MTV sariak, errugbi txapelketako finalak, Red Bull jauziak… halakoak dira udalaren lehentasunak. Horretarako badago dirua, baina gero auzo garaietarako igogailuak jartzeko ez dago. Hori nola saldu daiteke? Ez dagoela dirurik? Bai, baina ez gure beharrizanak asetzeko. Zenbat bilbotar joango da horrelako ekimenetara? Eta Bilboko kaleetan ibiltzean ohartzen zara ez dagoela nondik igaro: dena dago terrazaz beteta. Bilbo turistentzat dago prestatuta. Eta bilbotarrok zer? Bisitatzeko hiri bihurtu da Bilbo, eta ez bizitzeko. Bisitatzeko gutxi izango dira hobeak. Denok poz-pozik eta harro sekulako hiria dugulako. Eta bai, oso ederra da Bilbo, zoragarria. Baina gero eta gutxiago da bilbotarrok bizitzeko hiria.

Babes zabala jaso duzue.

Duela hamar urteko manifestaziora auzo elkarteok joan ginen, baina oraingoan ehundik gora eragile batu zaizkigu: mugimendu feminista, sindikatuak, ikasle mugimendua, pentsiodunak… Guztiek esaten dute gauza bera: «Guk eskaera zehatzak ditugu, baina ez gaituzte entzuten». Feministek emakumeen etxea eskatzen dute, adibidez. Gazteek, emantzipatzeko aukerak. Autopista Kanpora elkarteak, Errekalden autobidea eraisteko. Jesar daitezela gurekin, gutariko bakoitzarekin, eta entzun gaitzatela.

Auzo elkarteok barrutietan ahotsa indartu nahi duzue. Gainontzeko eragileena non eta nola indartu daiteke?

Ez dakit beste zerbait sortu beharko litzatekeen. Baina behar da leku bat edo egitura bat, udalarekin elkartu eta gure ahotsa entzun eta kontuan hartzeko. Haiekin eseri, hitz egin eta adostu egin nahi dugu.

Jaietako batzorde mistoaren parekoa izan daiteke? Udal alderdiek eta Konpartsek dute ordezkaritza, eta han hartzen dira festekin zerikusia duten erabakiak.

Hainbeste ere ez dugu eskatzen. Manifestaziorako eskaeren zerrenda osatzen aritu ginenean pentsatu genuen eskatzea erabakietan parte izatea, baina gero erabaki genuen soilik gure iritzia kontuan hartzea lortzearekin asko irabazi dugula. Demokrazian badakigu ordezkari politikoak herriak aukeratu dituela eta haiek dutela erabakiak hartzeko eskumena. Gu ez gaitu inork hautatu, hori egia da. Baina behintzat erabakitzeko orduan aintzat har gaitzaten, guk baino hobeto inork ez dituelako ezagutzen auzotarren eta bilbotarren beharrak.

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.