Auzoko altxorrak
Hedoi Etxarte 2020ko martxoak 7
Osteguna Donibane auzoan eta ipar haizeak nahasten du euria. Puiko Andramari kaleko seian dago Urbia gurindegia. «Garai batean gurindegi mordoa zegoen Iruñean», azaltzen du Iñaki Madinak (Agurain, 1957). Urbia jarri zion dendari izena 1985ean Iruñera aldatu zenean. Zeren Urbia da bere jaioterriaren eta bere emazte zegamarraren arteko eremua. 80ko hamarkadan Txurruka omen zen Iruñeko gurindegi ezagunetako bat, «Luis Txurrukarena zen, hil egin zen gaixoa, nik hari hartu nion ideia». Ordutik saltzen ditu gaztak, kontserbak, arroza eta urdaiak Madinak. Eta 1990etik aurrera, bere jatorriari zor, Iruñeko patata goxoenak dauzka, Aguraingoak.
Bidaiatzen duenero zerbait dakar dendara. Salamancara badoa, handik dakartza txerrikiak. Arbizuko txistorra eta hirugiharra dauka. Italiatik ekarritako pasta. Frantziako Emmentala. Valentziara joan zen behin. 2012tik 500 kiloko paleak bidaltzen dizkiote laranja eta mandarinekin. Zitrikoen pedagogia egiten du: mandarina sasoian zehar aldaera desberdinak iristen dira. Abenduan klementina dakar, urtarril-otsailean clemenvilla, martxoan clemenmiel. Azkenaldian ezin izaten ditu orri deitutakoak ekarri, Alemaniatik 2,50 euro ordaintzen omen diote laborariari kiloa, 3,50ean saldu beharko lituzke berak. Gauza goxoen paradisu bat. Auzoa asko aldatu da hiru hamarkadatan. 80koan «Plaza gorria» deitzen zen horretan gogor sartu zen heroina. Lapurreta egin zioten. Kontatzen du: «Europan merkataritza gune handiak krisian sartu eta gutxira hasi ziren Iruñerrian zabaltzen». Baina Madinak garbi ikusten du etorkizuna duela bere ereduak. Soldata ateratzen du hilero. Eta pasako lioke denda nahi duenari. Bi urte barru nahi du erretreta hartu. Ohiko bezero asko zahartuta hil dira, orain seme-alabek erosten diote. Arabako patata agroindustriaren partez, Valentziako zitrikoak Hego Afrikakoen ordez. Aldatu da haizea, mendebalarekin atea ixten du euria barrura sar ez dadin.