ALDE ZAHARREAN BIZI CASA UNZU PROIEKTUAREN AURKA (Sinadura bilketa)

2017-9-14an prentsan agertutako berriaren arabera, multinazional batek Casa Unzun 277 ohe izanen dituen hostela eraikitzeko proiektua aurkeztu du. Hori dela eta, hemen sinatzen dugunok proiektu horren aurkako jarrera adierazten dugu.

Gure ustez, munta honetako proiektu batek (gauzatuz gero, Iruñeko hotel tankerako lokaletan hirugarrena izanen litzateke toki kopuruarengatik, NH Iruña Park eta Tres Reyes hotelen ondoren, hurrenez hurren 420 eta 336 ohe dituztenak) hausnarketa sakona merezi du, argi izateko zer eredu nahi dugun gure hiriarentzat, oro har, eta gure Alde zaharrarentzat, bereziki, bai bizitzeko baita turismoari eta aisialdiari dagokienez ere.

Dugun informazioaren arabera, ekimen berri hau low cost turismo ilunenaren beste adibide bat da. Turismo mota honek ez die batere errespeturik ez gure lurraldeari ez gure herriari, eta lehendik ere kaltetua dagoen Alde zaharreko espazio publikoa are gehiago hondatuko du, ezkutuko dinamika gentrifikatzaileak direla-eta. Proiektu hau Alde zaharra salgai jartzeko aitzaki ederra izan daiteke, inolako mugarik gabe, “zatoz eta erosi, barra librea duzu-eta” lau haizetara zabalduta.

Proiektu berri honek Alde zaharreko bizilagunen eta espazio publikoaren erabiltzaileen arteko bizikidetza are gehiago kaltetuko du, eta bizilagunen ezinegona areagotuko du, bertako tabernen, jardueren, ekitaldien eta elkarretaratzeen gehiegizko kopurua dela-eta. Eragin txar hori handitzen joanen da multinazional honek ekarriko duen turismo mota ezagunarengatik. Auzoa proiektu handien kokaleku estrategiko bihurtzen ari da, bertan bizi direnak kontuan hartu gabe.

Bestalde, martxan jarri nahi duten ekimen honek, multinazional baten eskutik, porrot ekonomikoa ekarriko lieke aterpe eta pentsioei, auzoan ezin hobeki integratzen diren eta bizilagunei begirunea dieten negozio mota horiei, alegia. Jasangarritasuna eta oreka negozio horiek babestea da, eta ez, ordea, multinazional bati alfonbra gorria jartzea gure hirian lurra har dezan, arazoak besterik ekarriko ez duen gehiegizko eskaintzarekin.

Behean sinatzen dugunok honakoa eskatzen diogu Udalari: hostel horri dagokion lizentzia gelditzeko moratoria ezar dezala, eta horrelako proiektu handiez hausnartzeko epea zabal dezala.

Un comentario

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.