Alde Zaharra, bizitoki?
ENRIKE DIEZ DE ULZURRUN – 14 de Octubre de 2018
Zenbaiten iritziz, turismoa dugu arazo nagusia Alde Zaharrean: karrikak jendez lepo, turistendako etxebizitzak nonahi, eta horrek dakartzan ondorioak: gero eta garestiagoa etxea errentan hartzea eta erostea. Jende gutxiagok darabil, ordea, bertzelako gogoetagaia. Aitorturik ere egungo turismo eremua eta bilakaera kezkagarriak direla, afera nagusia bertzelakoa da;hots, gure karrikak jendez mukuru daude bai, baina nagusiki, hemengo jendeak berak eraginda. Izan ere, Iruñeko jendeak hartzen ditu San Nikolas, Komedias, Estafeta, Tejeria eta Nabarreria, astero, astean hiruzpalau egunez, goizeko ordu txikietaraino;ez turistek, ordea. Tabakoari buruzko legea indarrean sartu zenetik, plaza dugu poteo toki;ez, taberna barnealdea. Ostalaritzak bulkaturik, gainera, ortzeguna ere parranda egun bihurtu zaigu, eta aipatu karriketan eta ingurukoetan nekez egin daiteke lo biharamunean lan egitera joateko. Sanferminetako gaurik jendetsuenean baino zikinkeria handiagoa metaturik esnatzen dira inguru horiek guztiak;pixa-urrina, alimalekoa. Azken ortziral goiznabarra, lekuko.
Bizitza osoa auzogintzan aritu direnak gogotik saiatzen ari dira hori guztia agerian jartzen, baina ez zaie jaramon handirik egiten, errazagoa baita beti errua kanpotarrari botatzea (turistari, hain zuen ere). Alde Zaharretik bertze auzo batzuetara etsiturik bizitzera alde egiten duten gehienek ere horixe nabarmentzen dute, bizi ezina. Poteo eredu berriaren ondorioz, dena baita zarata;dena, zikinkeria, eta tabernetako musika, gorgarria zinez. San Nikolas, Komedias eta Estafeta festa egiteko tokiak dira. Nabarreria, gainera, protesta egiteko tokia ere bai. Ez, ordea, bizitoki. Argi dago, gainera, afera horrek egunbete ere ez lukeela iraunen Karlos III.ean. Bigarren legealdiak moldatuko ahal du lehenbizikoak konpondu ez duena!