Hirietako Alde Zaharrak eta ostalaritza (Gasteiz). Jarrera kontua da dena

2015-10-14 / Aitor Biain

Azken urteetan Alde Zaharreko tabernen kopuruak gora egin badu ere, ez da arazo nabarmenik bizilagunen eta ostalarien artean. Hala ere, kaleko zaratagatik kexu dira bizilagunak.

Aiztogileena, errementariena, margolariena, zapatariena edo harategiena. Gasteizko Alde Zaharreko kale izendegia aski ezaguna da Erdi Aroan izan zuen merkataritza jardueragatik. Baina urteak pasatu dira, eta, egun, Alde Zaharreko kaleetan tabernak dira nagusi, batez ere. Hiriaren erdigunea tabernen auzo bilakatu da. Izan ere, gainerako hirietan gertatu bezala, Gasteizen ere nabarmen aldatu da eremu historikoaren merkataritza eredua. Merkatari txikiek ostalariei utzi diete lekua, eta, ondorioz, bizikidetza arazoak sortu ditu horrek.

Gasteizko Udalaren ostalaritzaren inguruko azken txostenaren arabera, gaur egun 170 taberna daude, guztira, Gasteizko Alde Zaharrean. Hiriko taberna kopuru guztiaren %12,5 da hori. Han dago, beraz, taberna kopuru handiena hiriko gainerako auzoekin alderatuz gero. Urtez urte, gainera, gora egiten du kopuruak. Esate baterako, iazko datuekin alderatuz gero, hamabi lokal gehiago dira aurten auzoan. Era berean, saltoki txikien zenbatekoak behera egiten jarraitzen du: %3,2 jaitsi da azken hiru urteetan.

Hala ere, horrek ez ditu arduratzen ez udala eta ez bizilagunak. Izan ere, bi negozioen arteko «oreka mantentzen da» oraindik ere. «Gasteizen ez dago masifikaziorik, ez eta taberna kopuru handiegirik ere», azaldu dute udaleko ordezkariek. Bizilagunentzat ere kopurua ez da arazo; izan ere, zaratak «gogaitzen» ditu, gaur-gaurkoz, bizilagunak. Baina ez tabernetako musikaren ondorioz sortutakoak, baizik eta kalean herritarren oihuen ondorioz sortutako zaratak. «Argi dago taberna kopuru handia dela auzoan eta igotzen ari dela urtez urte. Baina ez gaitu horrek arduratzen. Kopurua ez da arazoa guretzat, baldin eta tabernen jabeek eta erabiltzaileek jarrera solidarioagoa badute bizilagunekin», dio Alberto Ruiz de Olanok, Los Arquillos Bizirik bizilagunen elkarteko presidenteak.

Hori dela eta, bai ostalariak, bai bizilagunak eta bai udala bat datoz: «Herritarren jarrera aldaketa» da bizikidetzaren konponbidea. Horregatik, udalak adierazi du martxan jarriko duela kontzientziazio kanpaina bat.

Lizentzia aldaketak

Duela lau urte sartu zen indarrean ostalarien inguruko ordenantza berria, eta, geroztik, hogeita hamahiru tabernak eskatu dute lizentzia aldaketa. Hau da, taberna soil baten lizentzia izan beharrean, pub lizentzia eskuratu dute zenbait tabernak. Horrek, besteak beste, ordutegia luzatzeko aukera eman die. Asteburuetan, goizeko ordu bi eta erdietan itxi beharrean, goizeko lauretan ixten dituzte, ordenantzaren arabera. Bizilagunak kexu dira horrek sortutako albo kalteez. «Nire ustez, ordutegia gehiegizkoa da. Hala ere, aitortu beharra dago ordutegia ez dela arazorik larriena». Bizilagunen elkarteko presidentearen iritziz, erabiltzaileen jarrera bestelakoa izango balitz ez legoke arazorik ordutegiarekin. Egoera, baina, ez da hori.«Bizilagunontzat hobe da, beraz, tabernak ahalik eta ordu gutxien egotea irekita».

Udala ere bat dator bizilagunen salaketarekin, eta ordutegia ez betetzeagatik sortutako «unean uneko arazoak» daudela dio. «Ez dugu uste Gasteizko Alde Zaharrean arazo orokorrik dagoenik tabernei dagokienez. Unean uneko arazoak daudela, ordea, bai, eta aitortzen dugu. Ordutegia ez betetzeagatik sortzen den zaratarekin dugu arazorik larriena. Hori dela eta, horri aurre egiten saiatuko gara», aitortu du Borja Belandiak, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak.

Tabernariek, berriz, diote ordenantza bete baino ez dutela egiten. Alde Zaharreko ostalari Mikel Ortiz de Zaratek uste du ordenantza «oso ona» dela. «Ni gustura nago ordutegiarekin. Ez dut inolako arazorik izan bizilagunekin, eta beti saiatzen naiz ordutegia betetzen. Unean uneko arazorik izanez gero, bizilagunekin zuzenean hitz egiten saiatzen naiz».

Arazoa konpontze aldera, bat datoz alde guztiak: konponbidea denen artean lortu behar da. Ruiz de Olanok, bizilagunen elkarteko presidenteak, guztien akordioa eskatu du. «Herritarrei kontzientziazioa eskatzen diegu, solidarioagoa izatea bizilagunekin. Guk, era berean, ulertu behar dugu dibertsio uneak behar direla. Alde Zaharra guztiona da, eta denon artean lortu behar dugu konponbidea». Udalak ere «jarrera egokia» izateko deia egin die herritarrei.

Hala ere, urteak daramatzate elkartzen Alde Zaharreko bizilagunen elkarteak eta Gasteizko Udaleko ordezkariak, izan daitezkeen arazoei irtenbidea aurkitzeko asmotan. Hiru hilabetetik behin elkartu ohi dira. Udaltzainekin ere urtean bi bilera egiten dituzte gutxienez.

40 espediente irekita

Ordutegia ez ezik, terrazak ere izaten dira askotan ika-mika iturri. Gasteizen ere, tabernen eta bizilagunen arteko bizikidetzaren ispilu dira kaleko aulki eta mahaiak. Bizilagun asko kexu dira tabernek horiekin egin ohi dituzten erabilerarengatik. «Erabilera desegokia da arazoa. Leku asko okupatzen dute, eta ez dute oinezkoendako lekurik uzten askotan. Zarata handia ere ateratzen dute. Terrazak ongi erabiliz gero, ez dago arazorik», dio Ruiz de Olanok.

Erabilera desegoki horren adibide da, esaterako, udalak dagoeneko 40 espediente ireki dizkiela herriko hainbat tabernari urte honetan. Guztiei «terrazen inguruko ordenantza ez betetzea» egotzi die Udalak, eta «terrazen erabilera desegokia egitea». Horietako asko bizilagunek egindako salaketen bitartez izan dira.

2012ko abenduan onartu zen terrazen inguruko ordenantza, eta 2013an sartu zen indarrean. Geroztik egokitzeko denbora utzi du udalak, eta ez du isunik jarri; abisua eman besterik ez die egin ordenantza betetzen ez zuten tabernei. Tarte hori pasatu dela eta, hemendik aurrera «ordenantza betearaziko du udalak», Belandia zinegotziaren hitzetan. Era berean, «guztien inplikazioa» eskatu du zinegotziak, izan daitezkeen arazoei aurre egiteko.

Kaleko edanaren ondorioak

Gasteizko Alde Zaharra gaueko aisialdirako toki bilakatu izanak ere, bizikidetza arazoez gain, badu bestelako ondoriorik ere. Arkupeko ibilbidea da horren adibideetako bat. Izan ere, gazteek maiz erabili izan dute toki hori lagun artean elkartu eta kalean edateko.

Ohiko zaratak, usainak eta zikinkeriak, baina, eraikinari ere kalte egiten diote, bizilagunen bizi-kalitatean eragiteaz gain. Parrandaren hurrengo goizean, udal garbitzaileek ur kantitate handia erabili behar izaten baitute pilatutako zikinkeria garbitu ahal izateko. Askotan, presio handiko mahukak erabiliz, gainera. Eraikina bera zaharra denez, filtrazioak izan ohi dira azpian dauden lokaletan. Egokitze lanak egiteko, «diru asko» gastatu beharko luke udalak, eta ez dago hori egiteko prest. Bizilagunek, berriz, garbiketa modua aldatzeko eskatu diote udalari.

Kontuak kontu, zer egin aztertzen ari da udala. Arkupeko ibilbidea gauez ixtea izango litzateke aukeretako bat. Hori ere ez da, baina, denen gustukoa. Konponbidearekin ere, denak ezin ase.

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.