ESPEKULATZAILEAK KORONABIRUSAREN KRISIA ABERASTEKO PROBESTU NAHI DUTE!
SOS Alde Zaharra 2020, maiatzak 5
Turismoaren sektorean oinarritutako monokultibo ekonomikoak auzoa berrantolatu du, gutxiengo baten aberastasunerako lurralde bihurtuz. SOS Alde Zaharretik hiru urte daramatzagu salatzen gure auzoa lurralde espekulatibo bihurtu dela. Hain zuzen ere, bertoko bizilagunak politika publikoen subjektu eta onuradun izateari utzi diogu, eta orain, politika horiek lobby turistiko zein inmobiliarioen interesen zerbitzura jarri dira.
Horren adierazle argiak dira, besteak beste, AirBnB eta Idealista bezalako higiezinen atariak. Hainbat urtez, eta erakunde publikoen eta interes ekonomiko pribatuen babespean, etxeak turismo-merkatura desbideratzen aritu dira, bizilagunentzako eskaintza murriztuz eta auzoko alokairuen prezioaren igoera geldiezina eraginez, eskaintzaren eta eskariaren logika ekonomizistaren pean.
Gaur egungo osasun krisi betean, eta turismo-sektoreak gainbehera egin ondoren, pisu turistiko asko Idealista bezalako atarietara pasatzen ari dira iraupen luzeko alokairuaren merkatura itzultzeko, espero ez den turismo masiboa berreskuratu arte. Alde Zaharraren kasuan, jada 16 pisu detektatu ditugu aldi berean pisu turistikoen orrietan eta alokairu orrialdetan daudenak. Krisi sozial eta ekonomiko betean, eta ziurgabetasunez beteriko etorkizuna aurrean dugula, batzuek beren negozio berekoiarekin jarraitu nahi dute. Negozio horrek ordea, besteak beste, bizilagunak auzotik kanporatzea ekarri du, etxeak alokatzeagatik eskatzen diren gehiegizko prezioak ordaindu ezin izateagatik.
Idealista.com-en datuak erreferentziatzat hartuta, etxebizitza horiek alokairu-parkean sartzeak atari honetatik kudeatutako alokairuko etxebizitzen kopurua %25,40 handitzea dakar. Are gehiago, eskaintza horiek lege-iruzurra dakarte, etxebizitzen alokairua arautzen duen 7/2019 Errege Lege Dekretutik kanpo baitaude. Eskainitako etxebizitza horietako batzuk epe laburrerako dira; izan ere, aurreikusten dute turismoa suspertu egingo dela, eta aurrerago horiekin espekulatzen jarraitu ahal izango dutela AirBnb bezalako plataformen bidez. Legeak baina, kontratuek gutxienez 5 urtekoa izan behar dutela zehazten du. Era berean, fidantza gisa bi hileko ordainketa eskatzen ari dira, baina legeak gehienez hilabete batekoa izan behar dela ezartzen du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Alde Zaharreko erabilera turistikoko legezko etxebizitzei buruz emandako datuei bakarrik erreparatuz (eta beraz, zenbatu gabe utziz erabilera turistikoko logelak, horietako asko etxebizitza turistikoen estalkiak direla jakin arren, bai eta legez kanpoko etxebizitzak ere), alokairurako zeuden etxebizitza guztien % 57,72 erabilera turistikora bideratuak izan dira.
Hala ere, ez dirudi hau arazoa denik administrazio publikoentzat; etxebizitza-parkea birmoldatzeko planak garatu, prezioak arautu eta botere-gehiegikeriarekin amaitu beharrean, beste alde batera begiratzen baitute, higiezinen espekulazioa eta egiten diren iruzurrak ahalbidetuz. Edo, kasurik okerrenean, salbuespen egoera hau baliatzen dute funts putreentzako zerga beherapenak onartzeko.
Alde Zaharrean, gutxienez berrehun dira azken urteotan turismo merkatura desbideratu diren etxebizitzak. Orain, pisu turistiko gisa alokatzeko ezintasunaren aurrean, jabe asko iruzurrezko sasoiko alokairuak egiten ari dira, eurek aberasteko helburu bakarrarekin, espekulazioa tresnatzat erabiliz eta auzoaren kontura. Etxebizitzak merkatu arruntera itzultzeak, alokairuko etxebizitzen prezioen jaitsiera eragin beharrean, kontrako norabidean garamatza. Izan ere, gaur egun Alde Zaharrean eskaintzen den pisurik merkeena 675€-koa da 45m2-ko pisu batengatik, eta hortik aurrera, hilean 2.400€-rainoko pisuak aurki ditzakegu.
Auzoa legerik gabeko lurralde bihurtu da espekulatzaileentzat: legez kanpoko pisu turistikoak, iruzurrezko alokairuak, gentrifikazio-amildegi batera bultzatzen gaituen alokairuen prezioen etengabeko igoera… Eta guzti horren aurrean, erakundeen pasibotasuna, gutxi batzuk egiten ari diren botere-abusuaren eta presioaren aurrean amore emanda.
Auzoko bizitza komunitarioa suntsitzen duen ekonomia turistikoa desegiteko, auzokideen arteko elkartasun sareak indartzeko eta bizitzak duintzeko sortu zen SOS Alde Zaharra, merkataritza txikia zein auzoko bizilagunak jasaten ari garen kanporaketa prozesua geldiarazteko. Bada garaia higiezinen espekulazio eta turistizazio prozesua eteteko, eta auzoan bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko dugun eskubidea gauzatzeko.