Iruñeko Alde Zaharrean turistifikazioaz ohartarazteko kontzentrazioa eginen dute ostegunean
ahötsa.info 2019-11-13
Azaroaren 14an Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak hirigintza arautegiaren azkeneko aldaketari buruz jardungo da. Honek behin-behineko bizilekuak, apartamentu turistikoak eta hostelak erregulatuko ditu eta inpaktu nabarmena izanen du Alde Zaharrean, AZ ekimenaren hitzetan. Arautegi honen aurkako jarrera azaltzeko kontzentrazio bat eginen dute 19.00etan
«Presazko arautegia dugu hau, sobera permisiboa, herritarren parte-hartze prozesurik gabe landu dena eta zeinari UNZUko megahostelaren inposizioa gehitzen zaion», salatu dute. Dirudienez, aurki onartuko dute arautegi berri hau. Hori salatzeko, heldu den azaroaren 14an, 19:00etan, Udaletxe Plazan mobilizatzeko deia egiten du AZ Ekimeneko Bizitzeko Alde Zaharra kolektiboak.
Azaroaren 14ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den arautegi honen aldaketak eraikinetako lehenengo solairuetan pisu turistikoak jartzea ahalbideratuko du, baita bloke osoko ostatu turistikoak irekitzea ere, etxadi osoaren %25era ez bada iristen. Erregulazio honen egiazko ondorioak agerian uzteko, Bizitzeko Alde Zaharrak auzoko mapa bat sortu du zeinetan ostatu turistikoak bilakatu daitezkeen eraikinak nabarmentzen ditu, arautegi berri honek ahalbideratuta. Mapa auzoak jasan ditzakeen ondorioen adibidea da. Alde Zaharrean 5,4 biztanleko plaza turistiko bat dago. Gainontzeko auzoetan berriz, 38 biztanle daude plaza bakoitzeko.
Bizitzeko Alde Zaharrak garrantzizkoa ikusten du «arautegi permisibo» honen ondorio zuzenak nabarmentzea, hala nola, alokailuen prezioen igoera, espekulazio inmobiliarioa eta hirian jada existitzen den gentrifikazio prozesuaren bulkada.
«Alde Zaharra auzo bizia da: gertuko merkataritza, bi eskola, merkatua eta bertan bizi nahi duen auzokidez betetako tokia da. Beste Alde Zahar batzuetan galdu dituzen ezaugarriak mantentzen ditugu oraindik. Ezaugarri horiek kanpotik datozenekin partekatzen ditugu eta etorkizunean mantentzea dugu helburu», adierazi dute.