Hostela
ENRIKE DIEZ DE ULZURRUN – 4 de Noviembre de 2018
Udal agintari berriak iritsi direnetik, auzo-eztabaidaguneak egiten dira auzoz auzo, udalak partaidetzaren alde egindako apustuaren erakusgarri. Auzo bakoitzeko zinegotzi arduradunak azaltzen du Udalak zer egin duen eta zer egin asmo duen, auzokideen galderei eran-tzun bidenabar. Jende gehiegi ere ez da biltzen, baina saio mami-tsuak gertatzen dira, gori-gori dauden aferen inguruan, bereziki. Jakinean egonik, Iturramarako zinegotzi arduraduna ederki prestaturik joan zen lehengoan bilerara, Pio XII.eko lanek eztabaida gorria piztuko zutelakoan, gai hori egunero hauspotzen baita prentsa jakin batean. Baina inork ere ez zuen horretaz galdetu, eta bilera bare joan zen. Bertzela gertatu da, ordea, aste honetan Alde Zaharreko eztabaidagunean, guztiz agerian gelditu baita auzokide aunitzen ezinegona;agerian, giro tenkatua, auzo-zinegotzi berriak ederki pairatu zuen bezala. Giro horretan, zokoraturik gelditu ziren udalak egindako gauza onak. Ostalaritza molde berriak eta jendearen poteo ohitura berriek eragin kaltegarria dute auzokide askoren eguneroko bizi-tzan, eguneroko sufrikarioa baita. Jende frankoren ustez, udalak ez du behar dena egiten, ez ostalari-tza molde berria soka motzean lotzeko, ez ordenantzak betearazteko, eta udaltzainek, gehienetan, ez ikusiarena egiten dute. Nabarreriako auzokide baten lekukotasunak aski izan beharko luke Udalak -udal talde guztiek- aferaren mamiari heltzeko. Antzekoa gertatzen da bertze zenbait karrikatan. Gauzak horrela, beraz, ulertezina da hostel neurrigabeari zirrikiturik txikiena ere uztea. Gauza bat da neurriko ostatuak irekitzea, eta bertze bat, arras bertzelakoa, Unzuko hostel erraldoia, egungo ataka arrunt gaiztotuko lukeena. Udalak, hortaz, bilerako jendearen haserre handi hori hartu beharko luke kontuan -arrazoi horrengatik ere- hostelari bide oro eragozteko.