Alde Zaharreko Gazte Mugimenduaren manifestua

TERRAZA…

Alde Zaharreko Gazte Mugimendua duela pare bat urte jaiotako gazte kolektiboa da. Bere abiapuntua gazteok auzo mailan ditugun behar, arazo eta nahiei erantzuteko xedearekin antolatu ziren gazte topaketa batzuetan du. Bertatik zerbait argi atera bagenuen gazteok auzo mailan gure borrokak aurrera atera ahal izateko antolatzeko beharra izan zen. Honela, zenbait lan ildo ezberdinetan lan egiteko beharra plazaratu zen, bakoitza bere kezken eta motibazioen arabera burubelarri lanera jarri ginelarik. Egia esan hauek zenbait gorabehera izan dituzten arren, zalantza izpirik gabe egonkortutako mugimendua garela esan dezakegu. Momentuz, eta momentuz bakarrik, bi lan talde nagusietan dugu bideratua gure lana; Alde Zaharreko Neska Amorratuak, beregain lan ildo feminista hartzen duelarik eta egun gazteoi proposatzen diguten aisialdiari alternatibak bilatzen zentratua dagoen Aisia taldean. Dena den gure perspektiba zabal mantentzen dugu eta ez ditugu ahazten auzoko gazteoi eragiten dizkiguten bestelako arazoak.

Honen harira erabat kontziente gara auzoak pairatzen ari duen eredu aldaketaz eta honen merkantilizazioaz. Geroz eta multinazional gehiago ikusten dira auzoan, geroz eta turista gehiago, geroz eta hotel gehiago, geroz eta taberna gehiago, geroz eta etxebizitza huts gehiago, eta salmentan geroz eta prezio altuagoetan, geroz eta kamara gehiago, geroz eta polizia gehiago… baina, sorpresa!!! Geroz eta bizilagun gutxiago auzoan, geroz eta gazte gutxiago auzoan.

Entzutea latza bada ere, argi eta garbi esaten dugu: Gure auzotik kanporatzen ari gaituzte. Baina ez soilik gazte bezala Alde Zaharra bizilekutzat hartzea suposatzen duen arazo ekonomikoagatik. Kaleetatik kanporatu nahi gaituzte ere, poltsikoetan dirurik ez badaramagu behintzat. Horrela, hutsik uzten ditugun espazio horiek haiek okupatzen dituzte, auzokideonak diren kale eta plazetatik etekin ekonomikoa ateraz. Gutxinaka gutxinaka auzokideen arteko sozializazioarako, ezagutzarako eta aisialdirako zuzenduak egon beharko luketen kale eta plazak pribatizatuz joan egin dira, honekin ere negozioa egitea lortzen ari diren arte.

Auzoan, oraintxe bertan, auzokide guztiontzako auzo baten eskubidearen arteko eta gutxi batzuendako bideratuta egonen den auzoaren arteko borroka gordin baten testigu gara. Borroka horren baitan gaztetxeak auzoan duen garrantzia azpimarratu nahi genuke, beste gauza askoren artean, auzoaren prozesu merkantilizatzailearen aurrean suposatzen duen garaipen itzelagatik. Gazteok argi dugu zein den gure tokia guzti hontan. Espazio publikoaren eta gure aisiaren merkantilizazioari aski esanen diogu. Gureak diren espazioak berreskuratu eginen ditugu eta alternatibak eraikitzeari ekingo diogu. Kale eta plazak auzokideenak direlako,

Alde Zaharra ez dago salgai!

AZGM                                                                                             … La nueva amenaza.

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.