Irregulartasunak ikusita, Donostiako Parte Zaharreko hotel baten lizentzia errekurrituko du EH Bilduk

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 17a

Donostiako Udalak Parte Zaharreko Kale Nagusian hotel bat egiteko eman duen lizentzian irregulartasunak daudela uste du EH Bilduk

Koalizio abertzaleak argitaratu duen oharraren arabera, joan den abenduaren 27an Enrique Ramos Hirigintza alorreko zinegotziak (PSE-EE) lizentzia eman zuen Kale Nagusiko 18. zenbakian hotel bat egiteko. Gaur egun Atari gastroteka dagoen eraikina litzateke, Santa Maria elizaren parean. Eraikin osoa hartuko luke hotelak, lau izarrekoa izango litzateke eta 29 gela eskainiko lituzke.

“Auzotarren susmorik txarrenak errealitatea bihurtu dira”, EH Bilduren ustez. Oharrean diotenez, hotelaren berri izan zutenean auzotarrak harrituta geratu ziren, Udal Gobernuak adierazi izan duelako auzoa saturatuta dagoela eta egoera hori ez areagotzeko neurriak hartuko zituela.

Emandako lizentzian irregulartasunak daudela uste du EH Bilduk eta helegitea jarriko diola iragarri du. Batetik, hotela egiteko eraikina osorik erreformatu beharko dela “begi-bistakoa” da koalizioak dioenez, baina Udalak emandako lizentzia erreforma arrunta egiteko da. “Erreforma integrala izango balitz birgaitze plana bete beharko luke, eta ondorioz, besteak beste, eraikinaren solairuak mugatu beharko lituzke, seitik laura. Hau da, hotelak bi solairu gutxiago izango lituzke, gela gutxiago eta, beraz, jabearentzat mozkin gutxiago”.

Lizentzia emateko formula ere ez da bidezkoa EH Bilduren ustez. Tokiko Gobernutik pasa gabe eman zaio, “gardentasunik gabe”, oharrean nabarmendu dutenez.

EH Bilduk uste du kasu honek lotura zuzena daukala Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko atzerapenarekin. Joan den irailean, koalizioak salatu zuen atzerapen horrek hotel gehiago ezartzea ahalbidetuko zuela: “Jakina da udal gobernuak aspaldi iragarri zuela HAPOren aldaketa, Parte Zaharrean herritarrak bizitzea lehenestea helburu”.

Parte Zaharrean beste lau hotel ezarri nahi dituztela ere gaineratu du EH Bilduk eta beraz, HAPOren aldaketa are gehiago atzeratuko dela uste dute.

Hotelaren aurka: okupazioa

Eraikin honetako azken pisua okupatuta daukate hainbat herritarrek eta asanblada bat antolatu dute hotelaren aurka egiteko. Ostegunero protesta egiten dute Santa Maria Elizaren aurrean «Hotel gehiago ez, auzoa berreskuratu» lelopean.

donostia13

argia

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.