Iruñea, Magaluf berria?

Pedro Luis Ortega Moral 2017-10-24

Kanpotik Iruñera bizitzera etorri nintzenetik, alde zaharra auzoko giro jatorrak guztiz liluratu ninduen. Ez nuen zalantzarik izan: bertan bizitzea erabaki nuen. Alokaturiko pisu batean urteak eman ondoren, orain dela zazpi urte, aurrezturiko diruarekin, nire etxe propioa erostea pentsatuta, alde zaharrean, bertan egindako lagun zoragarrien artean bizitzen jarraitu nahi nuela garbi nuen. Lau urte beranduago, a ze poza auzoan! Aldaketarako udaletxe berri honi izugarrizko harrera eman genion, itxaropenez beterik, hortik aurrera herritarrentzako auzoa aldarrikatu dugun guztioi entzungo digun korporazio bat izango genuelakoan.

Orain dela egun batzuk, Unzu zen eraikin horretan 300 lagunentzako ostatua sortu nahi dutelako berriarekin gosaldu genuen. Enpresa erraldoi baten proiektua, hain zuzen. Baina zein demontre da udal honek Iruñerako duen eredua? Ez ote dute udalekoek turismo masibo horrek beste hirietan sorturiko arazoez entzun? Abaurrea jauna, alkatea, Cuenca jaunak, zuetariko norbait alde zaharrean bizi da? Auzokideen bizi-kalitateari kalte egiteko prest zaudete, akaso? Erabakietan hiritarren parte-hartzearen aldarrikapena kanpainako mezu hutsa baino ez zen? Ehunka gazte mozkortuak geure karriketan pixa egiten, oihukatzen, telebistan ikusi ahal ditugun bezalakoak geure auzora ekartzeko asmoa duzue, benetan, auzoan inor biziko ez balitz bezala? Beraneante, gaztedi iskanbilatsu eta solteria agurtu nahi dutenentzako komertzializatu nahi duzue auzo eder hau?

Udaletxeko arduradun hauek, gelditu momentu bat. Hartu duzuen erabaki hau berraztertzeko eskatzen dizuet arren, oraindik alde zaharraren biztanleei entzuteko garaiz zaudete eta. Holako ostatuetan Mediterraneoko udaletatik botatzen hasi diren turista horiek etorriko direla garbi izan. Orain arte pazientzia handia izan dugun biztanleek zeure erabakiaren ondorioak sufrituko ditugu. Ez du gure auzoak horrelakorik merezi.

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.