«Bartzelonan, gaur egun, ezinezkoa da turismo jasangarria»

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko irailak 29

Daniel Pardo, Assemblea de Barris per un Turisme Sostenible (ABTS)

Bartzelonatik dator Daniel Pardo, turismoaren arazoa bere gogorrenean bizi duen lekuetako batetik. Asteburuan Donostian egingo dituzten Turismoaz Pentsatzeko Topaketa Herritarretara gonbidatu dute, Turismo Jasangarriaren aldeko Auzoen Asanbladako (ABTS katalanezko sigletan) kide baita. Berarekin mintzatzeko aukera izan du ARGIAk.

Azalduko mesedez zertan datzan ABTS?

Auzoen Asanblada 40 bat auzo-eragile biltzen dituen koordinazio gunea da. Nik horietako batean parte hartzen dut, “Ciutat Vella ez dago salgai” asanbladan, Bartzelonako erdigune historikoan.

Nola azaldu turismoaren arazoak auzoetan zer eragiten duen?

Pentsatzen dugu turismoa bere horretan ez dela arriskutsua edo kaltegarria. Hala ere, azken hamarkadetan sustatu diren turismo mailak oso kaltegarriak dira hiri eta auzoentzat.

Gure asanbladan ez dugu arretarik jartzen hasiera batean deigarrienak eta azalekoak diren ondorioetan, besteak beste, hiritartasun jarreretan, zaratan eta elkarbizitzan. Uste dugu turismoak are larriagoak diren arazo sozial batzuk eragiten dituela. Esaterako, etxebizitzak turismora bideratuz eta turismoak hiri horietan etxebizitzari ematen dion balio erantsiaren ondorioz –higiezinen espekulazioa– prezioak gora egin eta bertakoentzat ordainezin bilakatzen dira. Horrekin lotutako bizilagunen kanporatzeak oso gogorrak izaten ari dira Bartzelonan, eta pentsatzen dut Donostian ere hala dela. Hala, turistifikazioak oso azkar eta errotik hausten ditu harreman komunitarioak.

Eragin gehiago ere baditu…

Bai, komertzio arruntak turistei bideratutako komertzio bilakatzea, eta ondorioz, erabilezin izatea bertakoentzat; kontsumoaren prezioen igoera; espazio publikoaren masifikazioa; mugikortasun arazoak, kale, plaza eta garraio publikoan eta sektore turistikoko lan merkatua bereziki prekario eta esplotatzailea dela. Bartzelonan horren datuak ikusgarriak dira, ostalaritzako batez besteko soldata ez baita iristen soldata guztien batez bestekoaren erdira ere. Gainera, “erabili eta bota” ideiarekin sustatutako masa turismo hiper-kontsumistak hondakin gehiegi sortzen du.

Azkenik, arazo globalagoak daude. Ezin dugu ahaztu turismoaren industriak hazteko joera eta behar etengabea duela, beraz geroz eta espazio gehiago bereganatzen doa hiriko ekonomian, eta hiriak turismoarekiko menpekotasun handia garatzen du. Turismoa, kalte sozial handiak eragiteaz gain, oso ezegonkorra da, sektoreak berak aitortzen duen bezala. Hala, hiria oso kaltebera uzten du, sektorearen ezusteko beherakada orok kalte handiak eragin ditzakeelako.

Zer esan nahi duzu turismoa hiper-kontsumista dela diozunean?

Bi alderdi ikusten dizkiot. Batetik, Bartzelonan Boquería-ko merkatuaren adibidea dugu, gune historiko eta artistikoa. Bertako komertzioari bizkarra emanda, momentuan kontsumitzeko produktuak saltzen dituzten komertzioz betetzen ari da. Momentuan “erabili eta botatzeko” ohitura zabaltzen ari da. Bestetik, sakonago aztertuta, hiria bera erabili eta botatzeko ideia dago. Instituzioek eta lobby turistikoek iragarki eta promozioen bitartez hiria merkatuan eskaintzen dutenean, dena bilakatzen da kontsumoaren objektu, baita komunitatea, kalea eta jendea ere. Dena salgai jarritako esperientzien mundu bilakatzen da. Kontsumo azkar horrekin ezinezkoa da lekuarekin inolako loturarik sortzea, iritsi, argazkia egin, zerbait edan eta aurrera jarraitzen baita lekuan zer gertatzen ari den begiratu ere egin gabe. Turistei hiria ideia horrekin saldu ostean, hipokrita samarra da instituzioen partetik errespetua eta tolerantzia eskatzea horiei.

Nola bizi dituzue aipatutako eraginok Bartzelonan, saturazio turistikoaren adibide paradigmatikoetako batean?

Aipatu ditut eragin ekonomikoak, baina pertsonalki, Bartzelona erdigunean bizi naiz, eta egoera oso gogorra da. Pentsatzen dut Donostian ere hasiko zinetela turistez lepo dauden guneetatik pasatzeari uzten. Gune batzuetan horrenbeste jende pilatzen da, ezinezkoa dela disfrutatzea. Leku saturatuak saihesten dituzu modu inkontzientean, eta hala bizitza konplikatzen dizute. Komertzio mota bat aurkizeko ondoko auzora joan beharra ere gertatzen da, zure auzoan ez baitago komertzio arruntik. Hala, bi edo hiru aldiz biderkatzen da erosketak egiteko behar duzun denbora.

Hori udan gertatzen da batez ere, dena turismora bideratzen denean. Baina urte osoan zehar geroz eta gehiago, asmatu duten “desestazionalizazioa” arazoa urte osora zabaltzea baita.

Turismoaren industriak erabili ohi den argudioetako bat da turismoak denontzat aberastasuna dakarrela. Zer deritzozu horri buruz?

Diskurtso hori txantaje hutsa da. Turismoa desagertzeak lanpostuen desagertzea ekarriko lukeela argudiatzen dute, baina badakigu turismoaren aurretik lanpostu horiek existitzen zirela. Hain zuzen, sektore turistikoak beste sektoreetatik erakartzen ditu lanpostuak, eta lanpostu kaskar bilakatzen ditu. Bartzelonaren kasuan, aspalditik dator ekonomiaren kanalizazioa sektore turistikora, beste sektoreak sustatzeari utzi zaio sektore turismoaren hobe beharrez. Egoera hori sortuta, lanpostu kaskarren eta ezerezaren artean aukeratzera behartzen gaituzte, hori hala ez denean eta beste ekonomia motarik existituko ez balitz bezala. Egoera hori sortzearen erantzukizuna, sektore pribatuez gain, sektore publikoan dago. Bartzelonako eta Kataluniako instituzioek hamarkadak daramatzate sektore turistikoarekin elkarlanean. Bestelako sektore ekonomikoak babesgabe uzteaz arduratu dira.

ABTS asanblada berrartuz, nola ulertzen duzue turismo jasangarria? Nola lor daiteke turismo ez kaltegarri bat?

Oso konplexua da, eta kontraesana ulertzen dugu, ez baitugu uste testuinguru honetan posible denik turismo jasangarririk. Asko pentsatu ostean, uste dugu Bartzelonako gaurko testuinguruan ezinezkoa dela turismo jasangarririk edukitzea. Baina asanbladan izen hori hartzea erabaki genuen, eta zentzu batean horren alde egiten dugu lan; hau da, aurrez azaldutako diagnostikoan oinarrituta turismoaren desazkunde prozesu adostu bat proposatzen dugu. Izan ere, turismoaren beherakada oso gogorra izan daiteke, mundu guztia baitago turismoan lan egiten, eta ekonomia horren bat-bateko erortzeak galera handiak eragin ditzake gizartean. Beraz, hori goiz edo berandu gertatuko bada, kalte sozialak izugarriak badira, eta sortzen den aberastasuna lau pertsonak poltsikoratzen badute, zergatik ez dugu egiten herritarren artean adostutako turismoaren desazkunde prozesu kontrolatu eta kalkulatua? Horrek esan nahi du ekonomia turismora bideratzeari uztea. Hots, sektore honek BPGaren %20 batzen badu, baina hiriko gainontzeko sektoreetan eragiten badu, goazen gutxinaka-gutxinaka sektore turistikoak hirian duen garrantzia murriztera, ekonomia justuagoak sustatzen ditugun bitartean.

Zein momentutan hasi ziren sortzen zuena eta antzeko talde eta plataformak Bartzelonan?

Bartzelonan duela urte asko zebiltzan halako taldeak, baina jauzia auzoetatik haratago antolatzea erabaki zutenean egin zen. Etxebizitza, lan prekarietatea, hirigintza eta beste gai ugari landu arren, denen arazoaren matrizea turismoaren industrian aurkitu genuen. Hala, bizilagunek behartuta CiUren Udal Gobernuak turismoari buruzko audientzia publiko bat egin ostean, eta Barcelonetako 2014ko uda beroaren ostean, ABTS sortu genuen 2015ean. Gurea ez da esperientzia bakarra, baina nire ustez bai esanguratsuenetako bat. Gainera, kanpora begira lanean ere hasi gara. Esaterako, aurreko astean kide bat Venezian izan zen Europa osoko taldeak bildu zituen jardunaldi batzuetan. Ni Lisboan izan nintzen aurreko astean, eta orain Donostiara noa. Valentzia, Madril eta Tarragonan ere izan gara, eta orokorrean gure ahotsa altxatzeko beharra dagoela ondorioztatu dugu antzeko prozesuak jasaten ari garen Europa hegoaldeko hainbat hiritan.

Beraz, uste duzu Donostiakoa eta antzeko jardunaldiek koordinatzeko balio dezaketela?

Noski. Niretzat eta beste askorentzat jardunaldi honen eginkizun nagusia indarren elkartzea sendotzea eta elkarri laguntzea da. Bata bestearekin kontaktatu nahi dugu, momentu egokia heltzen denean problematika bera dugun hiriok batera mugi gaitezen.

Uda honetan Donostian gertatutakoa jarraituko zenuen, zer aholkatuko zenieke Donostiako mugimenduei zuen esperientziatik?

Lehen gauza, antolatu daitezela. Ez da nahikoa horrekin, baina uste dut lehen pausoa dela. Sentsibilitate eta arlo desberdinak kabituko diren plataforma zabal bat sortu behar da. Uste dut sentsibilitate zabalak biltzeak konplexutasunak dituela, entzuteko prest egon behar da, baina hala gizarteko sektore askotara heldu daiteke, eta hori erraza eta azkarra ez bada ere, guri asko lagundu digu.

Zergatik uste duzu medioek horrenbesteko arreta jarri diotela turismoaren problematikari?

Hemen bi guda daude, bata kuantitatiboa, oraindik galtzen ari garena, eta bestea diskurtsiboa. Aspektu kuantitatiboan, turismoaren industriak hazten jarraitzen du, eta oraindik ez gara gai izan gelditzeko. Diskurtsoari dagokionez, berriz, duela sei edo zazpi urte turismoaren errelatoa errelato zoriontsu bat zen, lobbyek eta erakunde publikoek elkarrekin idatzi zuten “dena ondo doa, gehiago nahi dugu” esanez.

Urte gutxian errelato hori gezurtatu dugu, bai gure lanagatik, bai eta errealitate gogorrak mugak hautsi dituelako. Industria ohartu denean turismoaren aldeko diskurtsoak funtzionatzeari utzi diola, gurea bezalako diskurtsoak kriminalizatu behar ditu, esanez guk bortizki jokatzen dugula eta xenofoboki jokatzen dugula. Baina argi dago guk eliteak aberastu eta lurralde horietan bizi eta lan egiten duten pertsonak kaltetzen dituen sistema ekonomiko bidegabe hau baztertzen dugula, ez besterik. Beraz, argi ikusi daiteke turismofobiarena lobbyek sortu duten eztabaida antzua dela turismoaren muinari buruz eztabaidatu behar ez izateko.

Hain zuzen, ABTS egindako ekintza ugari kondenatu eta turismofobikotzat jo dituzte medio ugarik.

Nik uste dut gure ekintza gehienak ez dituztela gaitzetsi komunikabideek. Airbnb-ko pisuak alokatu ditugu lege-hausteak salatzeko, eta duela gutxi zazpi autobus turistiko geldiarazi genituen, baina ekintza horiengatik ez gintuzten gaitzetsi. Poble Noun bizilagunen kanporatzea salatzeko egindako mobilizazio batean ke poto bat bota eta pintaketa bat egin genuen, eta hori bai, egin zuten. Baina hori kondenatzen badute, ez genuke turismofobiaz hitz egin behar, baizik eta bizilagunfobiaz, industria turistikoa bizilagunak kanporatzen ari baita bitartean beren negozioa egiteko, eta ezin dugu horren kontra protesta egin ere.

argia

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.