Gainezka eginik
Enrike Diez de Ulzurrun – Domingo, 10 de Septiembre de 2017
Erraldoi handiak San Migel karrika meharrean. Ez dakit horrelako argazki polita maiz ikusi izan ote den, Braulia eta gainerako guztiak sortu zirenetik. Herenegun, bai. Hiriko pasabiderik jendetsuenetakoa izanik, dendaz betea, jendez mukuru, aski da pare bat lagun karrika erdian gelditu eta solasean hastea jende emaria trabatzeko, hain baita meharra. Nonbait, gerra aurrean, gazte talde batek alimaleko euritakoa egin zuen zezenetara eramateko, baina aterkia itxi egin behar izan zuten San Migel karrikatik pasatu ahal izateko. Gero, zezen-plazan ireki, eta egun hartan, ez zen eguzkirik izan eguzkipeko harmailetan. Eguzki eta euri, asteburu honetan jendez gainezka egon da Iruñeko Alde Zaharra, ohi baino gehiago, hamaika ekitaldi egin baitira Pribilegioaren Batasunaren karira, Erdi Aroko merkatu koloretsua barne. Suerte eta mota guztietako ekitaldi ofizial eta ez ofizial gehientsuenak Alde Zaharrean egiten baitira, baita “herri erakundeek” antolatutakoak ere. Dena den, non dago oreka? Egun egiten al da inolako saiakerarik ekitaldiak auzoetara eramateko, auzoak biziberritzeko? Orain, gainera, Alde Zaharreko zenbait karrika jendez gainezka egoten dira or- tzegunetan ilunabarretik aurrera ordu txikiak arte, eta bizilagunak nazkatzen hasiak dira. Masifikazioaren afera ez da Donostian bakarrik gertatzen, ohikoa baita Estafetan, San Nikolasen eta Nabarrerian, eta ez prezexki ingelesez mintzo diren turistek eraginda, gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiten duten iruindarrek sortua baizik. Afera korapilatsua da, eta denok gaude zurrunbilo horretan sarturik, molde berriko ostalaritzaren onerako. Uztailaz geroztik, familia bat gutxiago bizi da Nabarrerian, giro horrek gainezka eginik, eta ez da kasu bakarra. Eta gauzak ez dira aldatuko, udal aginte taldea eta jendea aferaren larriaz egiazki ohartzen ez garen bitartean.