Herria saltzera

2017-04-30 / Andoni Egaña

Aste Santuak eta eguraldi onak topo egin duten honetan, ez naute gehiegi harritu kostaldeko bizilagunen hainbat kexu adierazpenek: «Pixka bat ondo zegok, baina hainbesteko inbasioa izan diagu egun hauetan!». «Ostiral arratsaldean herriko malekoikoak manifestazioa ematen zuen. Ez zegoen pauso bat ematerik!». «Gainera, ez ditek dirurik uzten. Taberna eta jatetxejabeak, behintzat, ez zebiltzak gustura. Akaso zapatila-dendatakoak bai. Baina horiek etxetik ekarriko dizkitek. Ez dituk herrian erositakoak izango!»… Ohituta nengoen, gero eta ohituagoa, horrelakoak entzutera.

Ezustean harrapatu nauena ditxosozko hitza izan da: gentrifikazioa. Orain artean, ez nuen belarri ertzean harrapatu, eta, joan den aste pare batean, behin baino gehiagotan detektatu dut. Esaterako, azken Argia aldizkarian. Axier Lopezen testuak nik dezakedana baino hobeki ematen du hitzaren esanahiaren berri: «Turismoaren igoera orokorra izan da Aste Santuko oporraldian. Donostia, Bermeoko Gaztelugatxe, Zumaia edota Elizondo turistaz leporaino betetako irudiek kezka eragin dute herritar askorengan. Hizketagai bilakatu dira turismo masiboaren ondorioak. Horietako bat da gentrifikazioa: turisten etorrerak eragindako bizitzaren garestitze orokorraren ondorioz —bereziki etxebizitzen salneurrian— herritarrak periferiako auzo eta herrietara alde egin behar izatea. Horren eragin mingarriak aspalditik ezagutzen dituzte bizitokia behartuta utzi behar izan duten Lapurdiko kostaldeko, Marseillako, Bartzelonako edota Veneziako milaka lagunek. Prozesu antzekoa Bilbon eta Donostian gertatzen hasia dela salatzen duten ahotsak gero eta ugariagoak dira».

Barneratua geneukan guk herri turistiko batean jaio izanak nerabetatik zuritoa gehixeago ordaintzera behartzen gintuela. Turismoaren aparrak itotzerainoko indarra izan dezakeela orain ari gara ohartzen. Eta honaino ekarri egin gaituzte. Ez gara geu joan.

Batetik, «saldu» aditzari adiera asko zabaldu diote propio. Orain, egiten dena zenbateraino den on, ez da hain garrantzitsua. Egiten dena egiten dela, «saldu» egin behar da ongi; premiarik gabeko zerbait egiten bada, haren premia izateko beharra eragitea derrigorrezkoa da. Bestetik, aisiartea guztiz sakralizatu digute azken urteetan. Lanaren ikuspegirik sakralizatuena gainditzea —lana zen zerurako bideetariko bat— komenigarri zen, jakina. Beste aldera jo du orain penduluak. Lanak eragindako nekea aisitarteak leunduko duelakoan! Nire ahotik irtengo zen makina bat ergelkeria, baina ziur nago ez dudala inoiz ezpain artera ekarri «pilak kargatu» esamoldea. Pilarik kargatzen al zen esamolde hori ez geneukanean? Nork ekarri du gure ahotara? Ze interesekin, gizabereen gisan lan egin dezagun gero errekonpentsa izango dugulakoan edo-ta animalien modura lan egin ondoren, eta «pilak kargatzen» xahutu duguna xahuturik, berriz ere lana kirten egin beharra izan dezagun?

Gainera, inozoak gara pertsonak. Gustatu egiten zaigu nonbait gure herria aipa dezaten; gustatu, herriko halako irudi telebistan azaldu dela ikustea; gustatu, herria «erakargarri» ipintzea, kanpotik datorrenak gure bizi mailaren berri izan dezan, bizi maila hori herritar guztiona bera balitz bezala.

Badakit gu ere noranahi eta noiznahi mugitzen garela. Gu ere turista garela sarritan, eta bidaiari hitza ez dela askotan geure buruari opa diogun koartada baino. Esango lukete zerbait errioxarrek, Pirineo inguruko herrixketako biztanleek, Benidorm aldeko indigenek…

Behin, zinegotzi batekin berriketan ari nintzela, azaldu zidan udaletxeko ordezkari gisara Madrilera zihoala biharamunean, turismo bilera erraldoi batera, Fitur-era oker ez banago. Neuk eskatu gabe eskaini zidan azalpena: «Badakik, hori ere lana dek. Herria saldu beharra ziok!». Sotil erantzuten ahalegindu nintzen: «Horretan ez zarete hain gaizki ari». Sotilegi nonbait, ez baitzuen ulertu. Eta erabaki nuen gure arazoek fiturburu asko dituztela.

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.