Turistentzat bakarrik
Manuel Delgado Bartzelonako Unibertsitateko, Antropologia doktorea 2016-05-19
Europako hiri asko benetako izurri bat jasaten ari dira turista oldeak direla-eta, «historikotzat» edo «tradizionaltzat» jotako auzo osoez jabetzen baitira, tokian tokiko jendeaz gero eta hutsago uzteraino. Kasu honetan, arrisku bat dago: turistak jotzea erruduntzat. Arazoa ez da turistak izatea, turistak bakarrik izatea baizik. Ez dituzte turistek bihurtu parke tematiko hainbat eta hainbat auzo eta hiri, baizik eta hiri horiek negozio eta diru iturri gisa kudeatu izanak. Turisten klase berri horrekin hainbat herri klase ordezteko prozesua, berriz, gehienbat turista horien beren interesen kontra gertatzen ari da, zeintzuk litekeena baita desagerrarazi egiten zaien giza errealitate urbano horrexen bila joanak izatea. Turistek ez diote so egiten hiri benetakoei, baizik eta beren-beregi haientzat atonduriko dekoratu hutsei. Tematiko bihurturiko eremu urbano horiek — batzuetan, hiri osoak— fatxada huts dira, zeinaren atzean ez baitago ezer, ez eta haren ingurunean ere. Monumentu eta «toki enblematiko» horien inguruan, espazio aldi berean fantastiko eta fantasmatikoak daude bakarrik, turisten begientzat sortuak bakarrik; haiexei saltzen dizkiete apaingarri gisako hiriak, eremu mugarrituak, non hainbat kultur errealitateren topiko eta karikatura askotarikoak antzezten baitzaizkie modu deformatuan eta barregarrian, pantomima ere bihurtzeraino dibertiarazi nahi dituztenak engainatzearren.
Dekoratu «historiko» edo «idiosinkrasiko» halakoak faltsutze edo parodia batzuk dira, iruzur hutsak, zeintzuen biktima behinenak turistak baitira, produktu faltsutu bat eskaintzen zaielako, hainbat agentzia, operadore eta gidarik hitzemandakoaren imitazio kaxkar. Turismo eskaintzak manipulatu egiten du material bat, zeina ezin baita izan benetakotasun halako baten itxura baino. Bere operadore publiko eta pribatuen bidez, turistek eskatzen diotena eskaini behar die ezinbestean turistak hartzen dituen hiriak, eta horrek berretsi egiten du bisitariek egiaztatu beharra daukaten irudikatze sistema moduko bat, inolaz ere ezin dena ez gezurtatu eta ez aldaratu.
Turismo kontsumitzaileak erakartzeko atondua duten hirian, agintariek eta biztanle gehienek ere —batik bat, fenomenoarekin eta haren dimentsio ekonomikoarekin zerikusi zuzena dutenek— badakite desberdina, berezia, benetakoa den horixe erakutsi behar dutela modu hanpatuan, ondo baino hobeto baitakite zer espero duten bisitan datozkien atzerritarrek. «Ikusi beharrekoa ikustera» datoz atzerritarrak: turismo gidetan ezinago iradokitzaile eta balio sinbolikoz gainezka ageri diren txokoak, ezin saihestuzkoak diren enklabeak, eta horrexek zuritzen du haietan denetariko azpiegiturak eta ekipamenduak eginaraztea. Bestalde, berez, turistek ez dute espero ezer berririk, ez bada zera erakustea beren buruari eta jomuga izan duten lekuaren berri emango dioten horri: benetan existitzen dela lehendik hainbat eta hainbat pelikulatan, telebista erreportajetan, bidaia aldizkaritan, liburu ilustratutan eta sustapen iragarkitan ikusia zuen hori guztia.
Izan ere, turismo industriak funtzio bat du, ametsak betetzeko bidea ematea. Hala, bada, bete egin da Alvin Toffelerren iragarpena: joan den mendeko 60ko urteen hondarrean, industria ahaltsu batzuk sortuko zirela iragarri zuen, zeintzuk ez baitziren oinarrituko hainbat produktu egiten edo zerbitzuren bat ematen, baizik eta esperientziaren industria zeritzenak ekartzen; eta haiei buruz iragarri zuen, hain zuzen, azkenean gailenduko zen postzerbitzu ekonomiako zutabeetako bat bihurtuko zirela ezarian. Nor bere ametsak egiaztatzera joan ohi denez gero, turistei faltsua dena saltzen zaie batik bat; baina, paradoxaz, benetako izateko itxuraz. Kasko historikoari bere hartan iraunarazteko aitzakian, bada, eszenaurre hutsak eratzen dira, tokian tokiko bereizgarri direlakoan hiri bakoitzean, baina elkarren gero eta antzekoak dira batzuk eta besteak. Erdigune historiko museifikatu baten zer antzekoagorik, beste erdigune historiko museifikatu bat baino. Eraikin eta monumentu nagusiak desberdinak izanagatik, batek badu irudipen halako bat beti kalexka berberetan barrena ibiltzekoa, turistentzako establezimendu berberak ikustekoa nonahi ere, eta, jakina, turista berberez jositakoak. Benetako ez-leku halakoak antolatu izana, berriz, turistek planteaturiko eskakizun bati zor zaio: utopia urbanoko lur sail bat nahi izatea, kontraesanik eta traumarik gabeko unibertso bat, koherentzia eta jarraitutasunezko burbuila baterako iraganbidea, gure mundu gero eta zatikatuago eta kontraesanezkoago honetan.
Erdigune «historiko» edo auzo «pintoreskoak» —halakoak begitantzen zaizkit euskal parte zaharrak—, berriz, benetako bizimodu urbanoan aurrez ikustekoa eta programatzekoa izan litekeena saiatzeko ahaleginak izan nahi dute: kale eta plaza horietan, dena pilatu eta metatzen da egunez egun, haiexetan baitago eta haiexetatik barrena baitabil bizitzako ongia eta gaizkia. Aldiz, turistak bere barnean biltzen dituen hiri gezurretako horretan, dena kontrolpean dago beti, eta ez dago ez ezustekorik ez espanturik. Horrexegatik ahalegindu behar da turistak ez daitezen irten sekula haientzat markaturiko zirkuituetatik; izan ere, bazterreko aldeetan, hiri benetakoa beti zelatan izango dute. Turistek erabili ohi dituzten planoetako mugarri seinalatuetatik kanpo, pixka bat harago, eta plaza arkupedunetatik, katedraletatik, auzo bereizgarrietatik, itxura harrigarriko museotatik… ez oso urrun, hiria ageri da, bere hartan, turistek ikusi behar ez duten horixe, den-denean, gidetan hitzemandako amets metafisikoaz guztiz bestelako, hura batere aintzat hartzeke, inori ezin eskaini baitzaio halakorik — hiri garden bat, otzan, geldi, biziarekiko axolagabe—, eta harro-harro ageri da orain ez den, sekula izan ez den eta aurrerago ere izango ez den horretaz. Ez dago «hiri historikorik», hiri oro delako, definizioz, historia amaigabe bat.