Molde berriko ostalaritza

Enrike Diez de Ulzurrun – Domingo, 22 de Enero de 2017

Alde Zaharrean eta toki guztietan izaten dira janari-denda txikiak, jendearen topaleku eta mintzatoki. Leku ezin aproposagoak auzokideen osasunaren berri izateko eta auzoan zer berri dagoen jakiteko. Horregatik, horrelako bat ixten denean, denda bat gutxiago agertuko da estatistika hotzean, baina egiazki galera izugarria da, eta duela lauzpabost urtetik hona, sekulako kezka-iturria auzokideentzat, ez ote den bat-batean ezerezetik agertuko taberna berri horietako bat, dena arrandia eta ponpezia. Lekutan daude garai bateko taberna zuloak.

Izan ere, San Nikolasko dorrearen begiradapean gelditzen den horrelako topalekurik ospetsuenean, zaharrak berri. “Lehengoan, etxean lasai giñaudela, ez ziren ba halako mailukada hots handiak hasi patioan? Leihoa ireki, eta han ari ziren bizpahiru langile tximini handi bat paratzen; eta behin erdi jarrita dagoela, zoazi gero geldiarazten saiatzera” hasi da adineko gizona. Kontua da, bertzela dirudien arren, Alde Zaharra oraindik ere toki bereziki emankorra dela horrelako tximiniak mardul-mardul hazteko. Aise saihesten dituzte legeak oro. “Ba guk, kito, amore eman dugu, bagoaz -mingosturik adin erdiko emakume batek-, nekosoa eta alferrekoa baita egunero ika-mikan aritu behar izatea, asotsa dela, musika dela, atariko kupela dela…”.

Eta etxerako bidean, ohartzen zara kupel aunitzek ederki trabatzen dituztela atariak, eta taberna zenbaitek etxartea bera ere hartu dutela, eta horren ondorioz, auzokideek, kaleko zalaparta hotsa ez ezik, patioko asotsa ere entzuten dutela etxe barrutik; eta ohartu ere, taberna batzuek urte osoan dutela Sanferminetako ordutegia: ematen dituzte gosariak, hamaiketakoak, bermutak, bazkariak, poteak, afariak, eta gauerdian, hara! Musika goraino igo eta diskoteka. Horratx lobbygintzan ederki dakien molde berriko -eta bereko- ostalaritza.

Diario-De-Noticias-

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.