2018tik, ezin izango dira etxe turistiko gehiago erregistratu Donostiako Parte Zaharrean

Samara Velte 2017-09-01

Udal ordenantza berriak hiru gunetan banatzen du hiria. «Gaur egun lizentzia daukatenak mantenduko dira, eta besteak itxi egingo dira», esan du Goiak

Donostiako turismoaren eta bertako bizitzaren arteko «oreka» mantentzeko asmoz, etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza aurkeztu du udal gobernuak. Behin-behineko agiria da, zuzenketetarako tartea irekiko delako orain; baina, Eneko Goia alkateak azaldu duenez, urte hasierarako indarrean sartzea espero dute.

Turismorako erabiltzen diren etxebizitzek, legezkoak izateko, bete behar dituzten baldintzak zehazten ditu araudi berriak. Hiru gune nagusi bereizten ditu, auzoen «saturazio» mailaren arabera. Arazorik handiena Parte Zaharrean dago, nabarmen: «Gainditu behar ez den mailan» dago hura jada, Goiaren hitzetan. Bertako auzo elkartearen arabera, 6.000 biztanleko auzoan 275 etxebizitza turistiko daude. Gehienak legez kanpokoak dira; ez daudelako Eusko Jaurlaritzan erregistratuta, edo ez dutelako Donostiako Udalaren orain arteko araua betetzen. Lehen solairuaren legea deitzen zitzaion horri: azpian etxebizitza arruntik ez zuten egoitzak soilik erabili zitezkeen xede turistikoetarako. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren lizentzia zeukaten etxebizitzen laurden batek bakarrik betetzen zuten udalaren araudia.

Hemendik aurrera, lege hori mantenduko da Parte Zaharrean: «Dagoeneko Udalaren lizentzia daukatenak bere horretan mantenduko dira, eta baldintzak betetzen ez dituztenak itxi egingo dira». Horrez gainera, 2018ko urtarriletik aurrera, ezin izango da erregistratu etxebizitza turistiko berririk Donostiako Parte Zaharrean eta portuan. Erdigunean eta hondartza inguruko auzoetan —B eremuan— ere oro har mantenduko da lehen solairuaren legea, eraikin oso altuetan izan ezik: horietan, sei solairutik behin ezarri ahalko da etxebizitza turistiko bat. Gainerako auzoetan —C gunean—, aldiz, bi. «Ez dugu ezer desagerraraziko», nabarmendu du Enrique Ramos Etxebizitza eta Hiri Proiektuetarako zinegotziak: «Erregulatu egingo dugu, bertakoen bizitzarekin bateragarria izan dadin».

Kontrol mekanismoak

Arazoa da lehen solairuaren legea jada indarrean dagoela, eta, hala ere, ehunka etxe eta logela alokatzen zaizkiela urtero turistei lizentziarik gabe. Tabakalerako Hirikilabs laborategiak egindako ikerketa baten arabera, AirBnB atarian 1.800 iragarki baino gehiago ageri ziren abuztuan; horietatik %87k ez zeukaten lizentziarik. Goiak onartu du udalarentzat zaila dela legez kanpoko eskaintza kontrolatzea, eta horretarako lantaldea indartuko duela iragarri: bost pertsona gehiago arituko dira Udaltzaingoan, eta beste bost, Hirigintzan. «Pertsona horiek horretan arituko dira osoki», azaldu du Ramosek. «Erabilera turistikoaren ustezkotasuna» aipatu du: «Etxebizitza bat edozein kanaletatik eskaintzen dela ikusten badugu, pentsa dezakegu hor jada martxan dela jarduera, eta horrek aukera ematen digu inspekzio-, ixte- edo zigortze-prozesua abiatzeko». Isunak 600 eurotik 50.000 eurorainokoak izan daitezke.

Oposizioak kargu hartu dio udal gobernuari, lizentziarik gabeko etxebizitzekin nahikoa gogor ez jokatzeagatik. «Legez kanpoko 1.500 etxebizitza turistiko daude Donostian», ohartarazi du Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak: «Horiek ixten ez diren bitartean, alferrik da. Ordenantza hau ezin liteke ezkutuko amnistia bat izan etxe horientzat».

Jardueraren arauak

Etxebizitza helburu turistikoetarako erabili nahi dutenek bi aukera dauzkate: osorik alokatzea edo gelaka. Azken hori «ohiko jarduera» izan da kostako herri askotan, Goiaren arabera: «Etxe handia zutenek sarri alokatzen zieten gelaren bat kanpotarrei». Orain, gehienez ere etxebizitzaren erdia erabil daiteke horretarako, eta alokatzen duenak bertan izan behar du ohiko egoitza. Babes ofizialeko etxeetan edo diru laguntza publikoak jasotzen dituztenetan ezin izango da halako jarduerarik egin.

Ramosek bereziki nabarmendu du eraikin bakoitzeko gehienezko muga: B eremuan, ezin izango dira 250 metro koadro baino gehiago negozioetarako erabili; C eremuan, aldiz, 350. «[Erregistrora] lehenbizi iristen denak ematen du izena. Jada bi edo hiru badaude, eta 350 metro koadro osatzen badituzte, hurrengoak ezin izango du berea erregistratu». Halako jardueretatik lortutako etekinengatik tasa bat ordaindu beharko da, baina udalak oraindik ez du zehaztu zenbatekoa izango den. Erregistratutako etxebizitza turistiko guztien zentsua argitaratzeko asmoa dutela azaldu du Goiak: «Hartara, edozein herritarrek jakin dezake zertan ari den 2.Bko bere bizilaguna».

berriaB

Añadir un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.